XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zuen zorionaz gozatzeko betarik izan; buruan kolpe lehor bat sentitu eta bere begien aurrean gortina ilun eta beltza itxi bait zen.

Konortea berreskuratu zuenean izugarrizko buruko minez zegoen.

Buruaren barruan hamaika nanotxo mailuka arituko bailiren sentitu zuen.

Aje izugarriaren parekoa zen hura.

Eskuak bizkarraldean loturik zituen eta eskumuturretan estuki tiratutako lokarriek min ematen zioten.

Esku eta besoak higituz mina lasatzen saiatu zen baina, azala urratzea besterik ez zuen lortu.

Bestetik, eskuak inurrituak zituen.

Begiak poliki-poliki ireki zituen, inor jagole izango balu, itzarririk zegoenik kontura ez zedin.

Nahikoa ilun zegoen.

Leihorik gabeko etxe moduko batean zetzan.

Argitasun-linea batek atearen zilueta markatzen zuen.

Hala ere, sapaiko zulo batetik sartzen zen barruan zegoen argitasun apurra.

Begiek argitasun ezaren neurria hartu zutenean, etxea konikoa zela eta konoaren erpinean biltzen ziren hagek pareta osatzen zuen larru edo oihalari eusten ziotela ohartu zen.

Bakarrik zegoen bestalde.

Oihana eta Haritz ez zeuden berarekin.

Urdinen eskuetan jausi zirela ez zuen dudarik egiten.

Zain zituzten soilunearen ertzera iritsi zirenean eta xaguak bezala gaztaren usainak erakarrita, besterik pentsatu barik, tranpan erori ziren.

Bere burua madarikatzen hasi zen.

Soilunea hutsegi zegoen.